Burgi hegoaldeko atea da Erronkariko Ibarrean sartzeko. Izan ere, Ezka ibaiak mendi-zintzurra zizelkatu du Borreguil (1.420 mt.) eta Peñako Ama Birjina (1.294 mt.) mendien artean, eta behin arroila gurutzatutakoan, Burgik onki xin erranen digu, hau da, ongi etorri, herriko zubi ederra dakusagun bitartean. Zubia Erdi Arokoa da, erromatar moldean egina.
Lau begi ditu, eta urtero, maiatz hasieran, Ezka ibaiko almadiek begi horietako bat zeharkatzen dute Almadiaren Egunean, garai bateko lanbidearen oroigarri. Egun ederra da zinez, eta Burgiko ikur bilakatu da. Lehenago, bortuetako oihan handietako zura, hain zuzen ere, ontzi berezi horien bitartez ateratzen zen.
Burgiko dermioan, natur balio handiko lekuak daude, hala nola “Sasiko idoiak” eta “Burgiko Arroila”. Zintzur horretan Europako sai koloniarik handienetako bat dago, labar eta malkarretan habia egiten duten harkaiztietako hegazti anitzekin batera.