Erakunde tradizionala eta Erronkaribarko administrazio organoa.

Gaur egun, Erronkaribarko Batzordeak 21 kide ditu; hiru hiri bakoitzeko.Udal hauteskundeak egin eta gero, eta behin udalak eratutakoan, udalek udalbatzaren hiru kideak aukeratzen dituzte, Ibarreko Batzordean udalaren ordezkariak izateko. Batzordearen saioetan, beraz, herri bakoitzeko alkateak –edota beste pertsona batek, haren izenean– eta bi kidek parte hartzen dute herri bakoitzeko.

Batzordea zer herritan egin, herri hartako alkatea da Batzordeburua. Gehienetan, Erronkarin egiten da, batzordeak hiri horretan baitu egoitza. Uztail eta abuztuan, Izaban eta Garden egiten dira bilkurak, hurrenez hurren; baina gainerakoetan, Erronkarin. Hori dela eta, Erronkariko alkatea aldi berean jotzen da Erronkaribarko Batzordeburutzat.

Erronkari Ibaxa

Etimologia. Erronkari hitzari buruzko itzulpen guztiak hipotesi hutsak dira. Zazpi hirien izenen artean, Erronkari da aztertzen zailena hizkuntzaren ikuspegitik. Erronkari izenari buruz idatzitako gauza ororen artean, Mikel Belaskok bere “Diccionario etimológico de los nombres de los pueblos, villas y ciudades de Navarra” (1996) liburuan bildutako azalpen zabala ekarriko dugu hona. Honatx zer dioen:

“Fonetikoki, izenak inguruko beste batzuk ekartzen dizkigu gogora; hau da, –al hasierako formak –ari euskal baliokidea du, eta biak forma berdin eta zaharrago batetik heldu dira: –ali. Erronkarieraz Erronkari zen, baian Zaraitzun, eta ziurrenera beste ibar batzuetan ere, Errongari.

Toponimoaren lehen zatiaz deus gutxi erran daiteke ziurtasunez, baina badira hipotesi interesgarriak. J. Corominasek hauxe idatzi zuen: “…hala nola Runcal sarria, hainbat tokitan ageri dena, adibidez Pitasch, Prez, Schulein, Obersaxen, etab. (runc(a) hitzetik eratorria ‘lugorri’, runcare), gaztelaniaz Roncal eta euskaraz Erronkari deritzon ibarraren izena gogora dakarkiguna”. Julio Caro Baroja ere ideia horretara hurbildu zen, aitzinetik runcones gentilizioarekin lotuta (Miro Suevorum rex bellum contra runcones movet); zenbait ikerlarik uste dute hori ibarraren lehen izena izan zela. Horrela Riscoren arabera, baskoiak ziren eta, horretarako,  Don Rodrigo artzapezpikuaren lekukotasuna hartu zuen oinarri,  Ruchonia eta Aragonia aipatzen baitira, “sekulan mairuak izan ez diren lurraldeak”. Aita Moret, aldiz, ez zetorren bat Ruconia eta Roncal elkarri lotzearekin. Historiaren Akademiako Hiztegiak (1812), ordea, lotura hori baliozkotzat jo eta hitz horren etimologia bat eman zuen; roccones ‘mendi handiak’ dira, hau da, latinean berandu sartu zen hitz zelta.

Julio Caro Barojak geroxeago gogora ekartzen du bertakoek Erronkari edo Ronkari deitzen dutela, eta R. Azkuek adierazi zuen erronka hitza ‘fila’ edo ‘hilera’ dela euskaraz. B. Estornes Lasaren interpretazioa ere badakar; horren arabera, ‘sasiak’ dira erronkarieraz, baina Erronkari berez ‘desfiladero’ edo ‘derrumbadero’ dela. Haitzarte ideiak, Julioren iritziz,  lotura handia luke ‘hilera’ hitzaren ideiarekin, eta ‘zarzal’ hitzaren ideiak, berriz, landu gabeko lurrekin. Eta azken horri dagokionez, oroitarazi zuen Italiako iparraldean, ronco ‘landu gabeko lurra’ dela, hain zuzen ere, eta Roncate toponimoa (Comotik hurbil) aipatu hitzari lotzen zaiola.

Euskaraz, erronkariarrei kallesak erraten diete.”

Mikel Belaskoren azalpen zehatza gorabehera, jendearen arteko itzulpenik onartuena (erronkarieran bermaturik) “haitzartea” edo “derrumbadero” da, hau da, luiziak gerta daitezkeen amildegia.

Bestalde, itzulpen anekdotikorik ere eman izan zaio Erronkari hitzari, hots, ‘erroten ibarra’.

Arroncal, Villa (1085, 1126), Arroncalensis abbas (997), Arronchal (1144), Roncal (1162, 1170, 1171, 1196, 1197), Roncali (1085, 1098, 1178), Ronchal (1125, 1170,1171), Ronchali (1098, 1102, 1124).