Erronkariarrek XX. mendera arte erabilitako janzkera da; egun, desagertua, Ibaxako ordenantzek mendez mende arautua eta babestua.

Janzkera tradizionalaren barnean, batetik, arropa arrunta dago, egunerokoa, eta bestetik, jaiegunetan erabilitakoa. Azken horiek gelditu dira erronkariarren gogoan eta, gaur egun, folklore-xedeetarako erabiltzen dira.

Etxe partikularretan gordetzen diren erronkariar gizonen eta emaztekien jantziez gain, beste hainbat ere aipatu behar dira, hala nola Erronkari Ibaxako Batzordeak dituen zazpi pare jantziak  (Celia eta Esther Navarro ahizpek 1998an zaharberrituak); Iruñeko  “Erronkari” Erronkariko Zentroan dauden bi jantziak, bata, emakumeena; bestea, gizonena; sei emazteki-jantzi erronkariar, Idoiako Ama Birjinaren altxorrekoak (Izabako emakume talde batek 1973an eginak, eta parrokiako museoan gordeak); emazteki-jantzi erronkariar bat (Araceli Gardek egina), Madrilen dagoena, Erronkariko Ibaxaren Batzordeak Espainiako Sofia andere erreginari oparitua, errege-erreginek 1983ko otsailean Ibaxara eginiko bisitaren esker onean; gizon-jantzi erronkariar eta emazteki-jantzi erronkariar bana, Erronkariko Naturaren Interpretazio Zentroan ikusgai direnak (1994an, Julián Peñasek eta Rosa Mari Urrak eginak, hurrenez hurren); gizon-jantzi erronkariar eta emazteki-jantzi erronkariar bana Nafarroako Etxean, Valladoliden daudenak (1999an, Araceli Gardek eginak); hogeita bat jantzi pare, Erronkariko Ibaxaren Batzordearen jabetzapekoak  (2000ko lehen seihilekoan, Rosa Mari Urraren koordinaziopeko emakume talde batek egina); eta Izabako Memoriaren Etxean ikusgai dauden jantziak, Erronkariko jantzi mota posibleen erakusgarri  (Izabako emakume talde batek eginak).

Etxe partikularretan gorde diren jantzi anitxen artean, Uztarrozeko etxe batean dauden bi jantzi aipatu behar, biak ere XVIII. mendekoak, zaharrenak baitira egun ezagutzen ditugun guztien artean. Bereziki aipatu behar dira, halaber, Fernando Hualdek gordetako jantzi eta apaingarriak, guztiak ere XX. mende hasierakoak; besteak beste, XX. mende hasieran egindako jantzi-patroi batzuk dira nabarmentzekoak, garai hartan erabiliak janzkera horren erabilera Ibarran berreskuratzeko.

Oraindik ere, Ibaxako zenbait etxetan badira Erronkari oihalezko eta ehunezko jantzi-atal zaharrak. Ez dugu ahantzi behar emazteki erronkariarrek berek egiten zituztela jantziak beren etxeetan. Konparaziora, Izabako 1644ko agiri batean ageri da zer ondasun bahitu zitzaizkien Erregearen eskutik Frantzisko Gorria Barrenari eta amari, gaztea ihesi joandakoan, soldadu zeramatela jakitean; bada, ondasunen artean, hauxe dago: bara bat Erronkari oihal beltzetan; bara eta erdi Erronkari oihal urdinean…