Belagua Izabako dermioan dago. Ametsezko lekua da, ederra zinez, ikuste hutsarekin sekulan ahantziko ez zaiguna.  Ibar glaziarra da, eta aldi berean, Erronkaribarko goi-ibarra.

Belaguako paisaia ordoki zabal-zabala da, Belagua eta Arrakogoitiko errekek zeharkatua, eta aldi berean, mendi harroz inguratua. Besteak beste, Larrondoa, Lakartxela, Binbalet, Lakora, Lapakiza de Linzola eta Txamantxoia, 1.700etik  2.000 metrora bitarteko altuerakoak.

Behean, ordokian, nekazaritza eta azienda lanak dira nagusi. Horrela izan dira beti, historiaurretik aitzina, Arrakako trikuharriak erakusten duen bezala. Trikuharria Arrakoko Ama Birjinaren Ermitaren ondoan dago. Monumentu megalitiko horretan egindako indusketetan ikusi da garai hartan Belaguan bizi izandako artzainen ohiturek gaur egunera arte iraun dutela. Izan ere, zorroan beren koilara zeramaten, bai eta suharria ere. Harri hori gori-gori zegoenean, esnea berotzen zuten gazta egiteko.

Belaguako ordokiko hainbat bordak betiko moldeari  eutsi diote. Nekazaritza eta artzaintzarako eraikuntzak dira eta ia ez dute aldaketarik izan mendeetan.

Betidanik bide batek lotu ditu Nafarroa eta Zuberoa, bortuetan gaindi. Gaur egun, antzinako bide horren lekuko, hortxe ditugu Arrakoko Benta, Juan Pito Benta eta Izabatik hurbil dauden zubi erromanikoak.

Baina, zalantzarik gabe, Belaguako gauzarik ikusgarrienak ordokiaren inguruko oihanak dira; bereziki Oihan Handia Txamantxoiaren mendi-hegalean. Haren mutur batean, Aztaparretako Erreserba Integrala dago, hau da, pagadi-izeidi ederra, Pirinioetako lurralde birjin bakarra.

Edozein urtaro da egokia Belaguara joateko, Belaguako izadia gozatzeko, hango bide eta kaskoetan ibiltzeko.

Uztailaren 26a Santa Ana eguna da eta Arrakoko jai-erromeria ospatzen da; prozesioa egiteaz gain, lur eta alorrak bedeinkatzen dira.

Belagua gurutzatzen duen 137 eskualde-errepideak Frantziaraino eramanen gaitu, Larrako bazterrak zeharkaturik. Hortaz, errepide aproposa da, kilometro gutxian, bestelako paisaia ikusteko.