Hegoaldetik iparraldeko bazterrik garaietaraino, hau da, Burgiko Arroilatik Larrako gune karstikoraino, Erronkaribar kontraste-mundu oparoa da zinez, bai klimetan bai paisaietan. Etenik gabe ikusiko ditugu herriak, oihanak nahiz goi mendiko bazkalekuak, eta guztiaren lokarri, Ezka ibaia.

Iparraldean Belagua dago, Nafarroako ibar glaziar bakarra, Larrako glaziarretik abiatzen zen izotzezko mihietako batek duela milaka urte eratua. Gaur egun, ordoki zabala da, artzaintzarako erabilia, belazez eta bordaz zipriztindua, alde guztietatik mendiz inguratua; kasko batzuk bi mila metro ingurukoak dira.

Belaguako mendatean goiti eginez, ordokiak oihanari uzten dio lekua; gero, oihanak bazkalekuei; eta bazkalekuek, harkaitzari. Harriak Larrako Natur Erreserba osatu du, hots, Hiru Erregeren Mahaia, Auñamendi, Arlas eta Lakora mendien begiradapean dagoen goi ordoki zabala. Larraren garaiera1.000 metrotik 2.444 metrora bitartekoa da eta 2.789 hektarea ditu luze-zabaleran; beraz, Europako gune karstikorik ikusgarrienetako bat da. Badira lapiazak, dolinak eta leizeak, hala nola San Martin Harria erraten zaiona.  Hori dela eta, Larra leku ezin hobea da espeleologian aritzeko. Landareei dagokienez, pinu edo ler beltza, errododendroak, ahabiak eta ipuruak dira nagusi, eta beherago, pagadi-izeidia. Animalietan,  berriz,  hartz arrea, basoilarra, sarrioa, eper zuria, eper grisa, okil gibelnabarra, okil beltza eta harkaitz-txoria.