Pirinioetako basa faunan, hartza “oihaneko jauna” da, animalia mitiko eta guztiz adierazgarria. Erronkari aldeko oihanetan hartza ibiltzea ingurumen osasunaren adierazlerik onena da.

Mendez mende, gizakiarekin batera habitat berean bizi ondoren, erran daiteke Pirinioetako hartza bere azkenera iritsi dela XXI. mendeko lehen urteotan, gure mendiotan. Gaur egun, eta 1996tik honat, Eslovakiako hartzak sartu izan dira, Pirinioetako hartz arre autoktono galdu berriaren genetika bertsua baitu. Gaur egun, zehazki, Neré izeneko hartza dabil noizbehinka Erronkariko mendi eta oihanetan. Pirinioetan sortua da, baina gurasoak esloveniarrak dira.

Hartza animalia orojalea da, hau da, denetarik jaten du, baina elikadura garai eta urtaroaren araberakoa izaten da. Dena den, hartza dabilen bazterretan, artzainak ez dabiltza kontent. Kontua da, udaberrian eta udazkenean batez ere, hartzak ardi-azienda jaten duela, hibernazioa pasatzeko behar den gantza gorputz barnean gordetzeko.

Zentzuzkoa denez, artzainek beren azienda babestu nahi dute; eta bestetik, hartzak ez du ulertzen mendian barna dabiltzan animalia batzuek jabea dutela.

Gaur egun, Erronkari Ibaxean kalte-ordainaketa diruak ematen dira ordainez, Europan berdinik ez dutenak. Horri esker, azienda-jabeei eramangarriagoa egiten zaie izadiko harribitxi honen –hartzaren– presentzia.

Hartzak ez du minik eragiten batere eta iheskorra da. Mamuaren antzekoa dela erran daiteke: haren oinatzak, aztarnak, ikusiko ditugu, edota bere azazkalen markak enbor azaletan; inoiz edo azienda bururen bat hiltzen du, oihanean egiten dituen ohatzeak ere ikusiko ditugu, baina nekez agertuko zaigu hartza bera. Ezkutuan ibiltzea du gustuko, ez da nabarmentzen, eta ez du gizakiarekin topatu nahi. Gainera, gaueko ohiturak ditu.

Baina hantxe dago, oihanean. Eta horrek erran nahi du Erronkariko mendien kalitatea handia dela zinez, behar bezalako habitata, alde guztietatik begira.