Burgi gero eta lotuagoa dago museogintzari, garai batean Pirinioetako herri eta ibarretan izaniko lan moldeak erakusteko.

Izan ere, herriko jendea beren borondatez aritzen da elkarlanean urtez urte lanbide zahar baten ezaugarriak erakusteko. Lanbide bakoitzak bere azalpen-panela dauka. Gaur egun, lanbide hauek daude ikusgai:

Hargina
Herriaren sarreran, Erdi Aroko zubia dago, erromatar moldean egina. Han harginaren lanbidea ikusteko parada izanen dugu, harria lantzen baitzuen mazoa eta zizela erabiliz. Halaber, gisa horretako zubiak egiteko moldeak ikusiko ditugu.

Almadiazaina
Almadiaren Egunean Burgira joaten bagara, hiru almadia ikusiko ditugu Ezka ugaltean beheiti; halaber, Almadiaren Museoan nahi beste azalpen ematen dira lanbide horren gainean, eta tamaina naturaleko almadia bat ere badago ikusgai Erdi Aroko zubiaren ondoan.

Okina
Lau isurialdeko teilatu edo etsegain bat egina dago, inguruko teila bereizgarriz hornitua, teilagin lana gogora ekartzeko. Teilatupean, garai bateko ogi-labe bat egin da adreilu erregogorrak erabiliz, lehenago etxe anitxetan ogia egiteko zeuden labeen gisakoa.

Labe bat ere ikus dezakegu lanean, Burgiko bertako okindegian.

Ikazkina
Labearen ondoan, txondor bat egina dago. Barrena ere ikusten zaio, zura nola paratzen eta antolatzen zen ikusteko. Zur hura egosiz, egur-ikatza egiten zen.

Elurziloa
Erdi aroko elurzilo baten bitartez. Lur azpiko zulo bat da, zirkularra, harriz egina, neguko elurra gordetzeko eta udan saltzeko.

Karobia
Karobi zahar bat berreraiki da. Hau da, kareharriak egosi egiten ziren karea egiteko. Karea, gehienbat, igeltserotzan erabiltzen zen.

Zerrategia
Zerra zurezko teilatu baten azpian dago ikusgai, zura lehenago nola lantzen zen ikusi eta ikasteko.