Nazioarteko fazeria. Urtero, uztailaren 13an, mila urteko ospakizun berezi eta paregabea  egiten da Erronkari eta Baretos ibarren artean, San Martin Harrian, mendi bazter eder-ederren erdian. Indarrean dagoen nazioarteko itunik zaharrena da Europa guztian

Ekitaldian, Baretos ibarreko biarnotarrek, trajez jantzirik eta frantses bandera soinean gurutzaturik, hiru behi ematen dizkiete urtero Erronkaribarko Izaba, Urzainki, Uztarroze eta Garde herriei. Ordezkari erronkariarrek Erronkariko berezko jantzia daramate soinean. Betirako zerga da, eta behiek adarkera, ilaje eta hortz-hagin berdinak izan behar dituzte.  Hori baino lehen, bi aldeetako agintariek eskuak bata bestearen gainetik paratzen dituzte San Martin Harriaren gainean, eta aurrerantzean ere bakearen alde eginen dutela hitzematen dute; orduan, Izabako alkateak bere eskua paratzen du gainerako esku guztien gainean, eta esaldi hau erraten du: ”Pax avant, pax avant, pax avant”.

Ez dakigu zerk eraginik eta nola hasi zen ekitaldia. Badakigu XIV. mendean zergaren ordainketa eten egin zela, eta horrek gatazka handia sortu zuen bi ibarretako auzokideen artean. Izan ere, hildakorik gertatu zen, gertakari larriak, eta azkenean, 1375eko epai batek bakea ekarri zuen. Epaiak agindu zuen Baretosko biarnotarrek zerga ordaintzen segitu beharko zutela. Epaia ekitaldiari buruz dagoen lehen agiri idatzia da, eta datu garrantzitsu bat eman digu: 1375ean, jada, zerga ordainketa aspaldi-aspaldiko kontua zela.

Ez dago argi zerk eraginik hasi ote zen. Historialari zenbaitek erran dute gerra-tributu bat dela, betirakoa baita, eta inola ere ez zela sari bat izanen bazkalekuak eta iturriak erabiltzearen ordainez, behin eta berriz erraten den gisan.