Ttun-ttuna talde dantza zen, dantza soziala, arras garrantzitsua Ibarrean.

Aste bukaeran, herriak ekitaldi sozial bat egiten zuen, batzarre bat plazan. Han, neska-mutilak aritzen ziren dantzan. Haurrek ez zuten batzarrean parte hartzen, eta albienteak plazatik ohiltzen (kanporatzen) zituen.

Dantzan iragana eta etorkizuna dago uztarturik, eta belaunaldi berriek tradizio sozialaren lekukoa hartzen dute; arbasoek edo aitzinekoek maite dituzten baliorik handienak jartzen dira gazteen eskuetan.

Ttun-ttun dantzak badu, beraz, arrazoi psikologiko bat, hots, jendearen arteko lotura bat da gizarte balioak iraunarazteko, familia barneko banakotasuna gainditu nahian.

Dantza txirularekin eta ttunttunarekin jotzen zen. Ttun-ttuna izeneko soinu-tresnari danburia ere erraten zaio, Egiptoko tambourah instrumentutik etor litekeena beharbada; hori laute gisako bat da, eta gero, haren ordez, danbolina erabili zen.

Dantza, zehazki, biribilean dantzatzen da, erlojuko orratzen noranzkoaren kontra. Erronkariko dantza oro bezala, oin-puntekin dantzatzen da, duintasun zeremoniatsuz, nobleki, baina zurruntasunik gabe. Hiru herriotako ttun-ttunaren berri dugu gure Ibarrean: Gardekoa, Izabakoa eta Uztarrozekoa. Hiruetako koreografia antzekoa da, eta doinuak dira ezberdinak. Uztarrozekoan, gainera, dantzaren atalen hurrenkera ezberdina da.